2011-03-22

Ez da udaberria iritsi zaigulako

Gezurretan ibiliko nintzake ez nuela halakorik espero esanez gero, ez dut modosa izatera jolastuko, gaur ez daukat horretarako astirik. Eta izango banu, badakit zurekin ez nukela modositaterik erabili beharra izango. Horra hor ainguratuaren arrazoi bat, agian.

Korapilatsua naizela entzun behar izaten dut sarri, mundua hari soltez osatua egongo balitz legez. Ez dagoela nire korapilo bakar bat ere askatuko duenik, korapiloak askatzeak arruntago bilakatuko banindu bezala. Ez dagoela nire hariekin korapilo bateraturik egingo duenik, norbera bere buruaren jabe izango ez balitz lez.

Soka bakoitzeko hari guztiak estutu dizkidazu, tiraka apurtu arte. Eta orain, inoiz baino gogo gutxiago daukat arrunt bilakatzeko, berezi sentitzeko asmotan soinean neraman guztia erantzi eta biluztu bainaiz zure aurrean.

Ni naiz aspaldiko partez oilaloka bat gisa dabilena. Eta ez da udaberria iritsi zaigulako.

2011-03-08

Bihotza more eta ezpainak gorri!


Txikia nintzela soinekoak janzten erakutsi zidaten, pinpirin sentitzen, nire buruari ematen nion bira bakoitzeko soinekoa igo eta kuleroak bistan izateak egiten zidan grazia eta guzti. Morbo hutsa akaso.

Baneukan nire familiatxo txikia ere; panpin poli- politak, egunero egunero zaintzen nituenak. Eta medikutara jolastean etxeko ama izatea zen momentuko desirarik handiena, etxeko amantal itxura izan zezakeen oihal bat soinean jantzi eta senarrari eta semearietxera itzuli orduko bazkari-merienda-afariak prestatuz.

Urte batzuen buruan femeninagoa izateko garaia iritsi zitzaidan: bularrak hazten (komeria latzak ditxosozko top-a jantzi nuen lehenengo egunetan!), hilerokoaren lotsa eta sekretismoak... Zenbat negar egin ote nuen DBH 2-ko abenduaren 28 hartan, nire kuleroetan agertu zen ezezagun hura urteko inuzentada izatea desiratuz.

Eta hortik aurrerako urteez... hobe ez hitz egin.

Eta nola azaldu nire inguruari... nik nahiago nituela praka motz- motzak belardietan lasai korrika egiteko, errekan sartu ondorengo aitaren errietak entzuteko, lokatz artean zikin zikin bukatzeko, baloiari mila ostiko jotzeko, ahulkian eseri eta hankak lasai lasai zabaldu ahal izateko inork ezer esan gabe... ni neu izateko.

Nola azaldu nire inguruari soinekoek ere ematen zidatela morboa, hanka artetik sartzen zen freskotasun haren parekorik ez zegoelako, eta probokatzea ere txikitatik gustatu izan zaidalako. Zertarako gauzak ukatzen hasi.

Nola azaldu... pikutara botako nukeela top madarikatu hura, berdin zitzaidala bular handi edo txikiak izan. Eta nola adierazi hilerokoa izateaz lotsatzen nintzela eta beldurrez pasatzen nituela soinketako orduak 28 egunero, izkutuan, inork nire sekretuaren berri ez izateko.

Bihotza morez  jantziz ikasi dut naizen gisara maite naizela; nahiz eta sarri bigote luzea izan, bizarra hazi, ez depilatu, izerdi usainarekin sudur zuloak zabaldu, hankak zabal zabalik ditudala eseri, lotsagabe izan, harrotu, umiltasunez jokatu, takoi gainean bertigoa sufrituko nukeela pentsatu, zu probokatu, probokatua izan, morbosa edo erabat sosa jokatu... Aspaldi ikasi genuen kuleroak bustitzen.

Ezpainak gorriz margotzen ikasi dut zuek ere horrelaxe maite nauzuela. Bihar ere masailean izango duzuelako gaur eman dizuedan muxu bakoitzaren zigilua, borratu gabe, naizenaren eta garenaren isla izan dadin.

Zorionak, bihotza morez janztea lortu duzuen guztioi!

2011-03-06

Igandeak duena

Igandeetan idaztea komeni ez zaidala autokonbentzitzen pasa ditut orain arteko 7 minutuak. Ez naiz pertsuaditzaile ona antza. Baliteke kanporatu beharraren beharraz itotzea, gainezka egin arte. Eta hemen, orain, koldarkeria hutsari oratuz, beste behin.

Ez diot biluztasunari bere neurri hartu, edo biluztasuna ez da nire berotasunera moldatu. Hotzez izaten naiz igandero, mantapean, beharraren beharrez. Bakardadearen kontzeptu oso itxia daukagulako hain justu; ezin bakarrik egon bakardadean jausi gabe.

Baina, mantapeko kontuak bestelakoak dira oso. Mantapeak norberak ezagutzen ez dituen sekretuak ere gordetzen ditu, eta gauero gauero gorputza ferekatze hutsarekin azaleratu. Sekretu horien hoztasunaren ondorio dira dardarak; zure izena bai... baina izanik ez delako agertzen sekretu ixil hauetan.

Igandeko mantapeak... bestelakoak dira oso.