2011-02-19

Eta gaur... zer?

Isiltasun hotz bat esnatu orduko.

Horrelaxe pasa dira egunak, asteak, hilabeteak. Hotzez akabatzen, indibiduo isilaren gisara; nire esku aurkitzen ez diren isiltasunak gustatuko bailitzaizkidan legez. Masokismo hutsean erorita. Gorantz erortzeko ahaleginetan berunez jantzita, astun.

Baina gaur... Gaur biluzik egin dut lo maindire zuri artean, larru gorritan, ni neu sentitzeko asmotan. Eta berotu naiz, nola gainera... Barne fereka desafiatuz. Munduko ordenantzek biluztasuna hotzarekin lotzen dutelako hain justu. Ez, ez naiz korronte masiboen zale, hori baino izokinagoa naiz.

Gaurtik aurrera kalera ere larru gorritan irtengo naiz, hau besterik eta hau dena naizela ikusi dezazuen. Begirada bakoitza puntuzko jertsearen zirrikitu zelatarietan pausatzeko aukera izan dezazuen, lasai- lasai, bidea oztopatzen duen hormaren gabeziaz gozatuz.

Gaur... Gaur egunak argitu du, eta horma guztiak apurtzea erabaki dut. Niregatik. Nire eta gure biluztasunagatik. Hotzik ez pasatzeko.

2011-02-13

Ukitu ninduzunekoa

Bihotzeko sindrome emozional batean murgildu nauzu, lehenagotik ere zaku bete sindrome edukiko ez banu legez. Gupidarik gabe.

Ukitu nauzu eta... desegin egin naiz, busti busti eginda; fereka hutsez lehertu.

Esaidazu, arren, zure asmoa horixe zela, eta zeu ere desegin zarela. Horretan sinestea besterik ez zait geratzen, eskuekin lotzen ari garen hari bakoitzak soka sendo bat osatuko duten esperantzan.

Ez dakit, ordea, ni naizen sokatik tira egin beharko lukeena, edo hariak josten jarraitu beharko lukeena.

Tirakada batekin zurea nauzu, zuganako indarrari aurre egin baino behar gehiago sentitzen baitut indar horren korronteak eramaten uzteko.

Ez uste, baina, "zer moduz" galdetzen didazun bakoitzean "zurekin hobe" erantzuten ausartuko naizenik.

2011-02-09

Behin edo behin eskua luzatu didazuenoi

Hotz edo bero izan,
leun edo latz,
ahur edo ganbil,
hutsik edo beteta,
itxita edo zabalik...


Berezkoa du hurbiltasuna eskuak. Eta beharrezkoa norbanakook.
Esku luzatzetan neurtzen dugu gertutasuna; sarri erdi hutsik, sarri kabitu ezinda, gure periferiak horrenbestekotasunik metatu ezingo balu legez.

Aitzitik, ez dugu edalontzi betearen sintomarik, ez dugu gainezka egiten. Mugen barruan sartzen ez zaiguna kanporatu beharrean inguruan biltzen saiatzen gara, edalontziak noizbait zirrikituren bat topatuko balu, hutsik gera ez gaitezen. Beldurren ondorioz sorturiko prebentzioaren sindromea da gurea.

Eta gaixo bihurtzen gara, sindrome bikoitz edo hirukoitzez. Itsu izatera jolasten dugu momentu batez, fereka hutsak gure begiak kolorez bete ditzan; politagoa baita belztasuna margotzea koloreak belztea baino. Errealitatea behatzearen sindromea da azkena, barra- kodeetara mugatzen dena.

Zerrenda luzeko sindrome guztiekin bakar bat osatzeko ahaleginetan murgiltzeak ez du ondorio onik sarri. Sindrome gogorregia omen horrenbesteko metakuntzak sortua.

Baina batzuetan, soilik batzuetan, eskuek egiten dute bat, mila sindrome sortuaz.

Eta nik... nik salbuespenak maite ditut, denek honela egingo lukete moduko esaldi sasi- inteligenteetatik ihes egiten duten horiek. Zuen esku luzatzeak. Zureak, eta zureak.

Zuon eskuon fereka gabe ere banaizela esanez gero, gezur sinetsiaren sindromean eroriko nintzatekeelako.

Hau da nire esku luzatzea, hitzen hurbiltasun- urruntasunetik.