2011-03-08
Bihotza more eta ezpainak gorri!
Txikia nintzela soinekoak janzten erakutsi zidaten, pinpirin sentitzen, nire buruari ematen nion bira bakoitzeko soinekoa igo eta kuleroak bistan izateak egiten zidan grazia eta guzti. Morbo hutsa akaso.
Baneukan nire familiatxo txikia ere; panpin poli- politak, egunero egunero zaintzen nituenak. Eta medikutara jolastean etxeko ama izatea zen momentuko desirarik handiena, etxeko amantal itxura izan zezakeen oihal bat soinean jantzi eta senarrari eta semearietxera itzuli orduko bazkari-merienda-afariak prestatuz.
Urte batzuen buruan femeninagoa izateko garaia iritsi zitzaidan: bularrak hazten (komeria latzak ditxosozko top-a jantzi nuen lehenengo egunetan!), hilerokoaren lotsa eta sekretismoak... Zenbat negar egin ote nuen DBH 2-ko abenduaren 28 hartan, nire kuleroetan agertu zen ezezagun hura urteko inuzentada izatea desiratuz.
Eta hortik aurrerako urteez... hobe ez hitz egin.
Eta nola azaldu nire inguruari... nik nahiago nituela praka motz- motzak belardietan lasai korrika egiteko, errekan sartu ondorengo aitaren errietak entzuteko, lokatz artean zikin zikin bukatzeko, baloiari mila ostiko jotzeko, ahulkian eseri eta hankak lasai lasai zabaldu ahal izateko inork ezer esan gabe... ni neu izateko.
Nola azaldu nire inguruari soinekoek ere ematen zidatela morboa, hanka artetik sartzen zen freskotasun haren parekorik ez zegoelako, eta probokatzea ere txikitatik gustatu izan zaidalako. Zertarako gauzak ukatzen hasi.
Nola azaldu... pikutara botako nukeela top madarikatu hura, berdin zitzaidala bular handi edo txikiak izan. Eta nola adierazi hilerokoa izateaz lotsatzen nintzela eta beldurrez pasatzen nituela soinketako orduak 28 egunero, izkutuan, inork nire sekretuaren berri ez izateko.
Bihotza morez jantziz ikasi dut naizen gisara maite naizela; nahiz eta sarri bigote luzea izan, bizarra hazi, ez depilatu, izerdi usainarekin sudur zuloak zabaldu, hankak zabal zabalik ditudala eseri, lotsagabe izan, harrotu, umiltasunez jokatu, takoi gainean bertigoa sufrituko nukeela pentsatu, zu probokatu, probokatua izan, morbosa edo erabat sosa jokatu... Aspaldi ikasi genuen kuleroak bustitzen.
Ezpainak gorriz margotzen ikasi dut zuek ere horrelaxe maite nauzuela. Bihar ere masailean izango duzuelako gaur eman dizuedan muxu bakoitzaren zigilua, borratu gabe, naizenaren eta garenaren isla izan dadin.
Zorionak, bihotza morez janztea lortu duzuen guztioi!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario