2011-11-25

Game Over

Bitxia da nola jartzen garen konputagailuko pantailaren aurrean arnas eske. Orri zuriaren sindromea ahantzi dugu dagoeneko. Bitxia da, nola idatzi eta ezabatzen ditugun hitzak; auskalo zenbat minutu bakoitzeko.

Sentitzen dugunaren gatibu bihurtzen gara zapaldutako tekla bakoitzeko, esaten dugunarekin bat ez datorrelako. Ez dugulako asmatzen sentitzen duguna hemen islatzen. Gauzak onartzen hasita, ez dakigulako zer den sentitzen duguna (eta ez sentitzea nahi duguna). Oka egiten dugu, egitearren. Korapiloak estutu, besterik ez. Arnasa eteten dugu, guk geuk, nahi handietan jauzika jausiz.

Hutsetik idatzi didazu, baina ondotxo dakizu posible dela Rupertok ere bere irakasgai propioa ikasia ez izatea. Ondoegi memorizatzen ditugu tesi itxurako esaldiak. Pentsatu duzu, sekula, gu programatzeko bide direla? Diot, egungo pantaila honek ez duelako beste ezertaz ulertzen. Ez lehen kolpean behintzat.

Baina arrazoia du, ze demontre. Pentsatu duzu, sekula, zaindu ez zaituen inor maite izan duzun? Hor duzu erantzuna, beharbada.

Pantailak Game Over egiteko ikara besterik ez da hau. Jokoa ez da amaitzen. Ez elkarrekin jolasten bagara (badakizu enaizela trebea dantza kontuetan).

2011-06-29

Hustu-bete-hustu

Ohetik altxarazi eta komuneko ispiluaren aurrera eraman ninduzun.
Hitzik esan gabe pasa genituen ondorengo minutuak, gerritik besarkatzen ninduzun bitartean.

Malkoz busti ginen elkarrekin;
ordurarteko larru jotzeak ez zuen biluztasunik asetu.


ps.: hustuta sentitzea ere bada naizenaren seinale.

2011-05-26

Infraganti

Lasai sentituko nintzake azken hilabetean idatzi eza sentitu ezaren seinale izango balitz; denok ditugu horrelako garaiak, ezer sentitzen ez dugun egunak, asteak, hilabeteak. Sentimendu gaindosia da, baina, oraingoan suertatu zaiguna, bat- batean, aurrez abisatu gabe, infraganti.

"Aitzitik, ez dugu edalontzi betearen sintomarik, ez dugu gainezka egiten. Mugen barruan sartzen ez zaiguna kanporatu beharrean inguruan biltzen saiatzen gara, edalontziak noizbait zirrikituren bat topatuko balu, hutsik gera ez gaitezen. Beldurren ondorioz sorturiko prebentzioaren sindromea da gurea", aitortu nizuen behin, gainezka egiteak hutsik sentitzeak baino presentzia handiagoa zuen garaian, edo horrekin amesten nuen garaian. Bestelako kontuek harrapatu naute azkenaldian, baina; zirrikitu larregi izan dira metaketa baterako. Sasi pentsalari xumearen hitzak besterik ez ziren, que ilusa.

Lerro okerrez idatzi duzu, bihurguneak gaitzetsiz nolabait, zuzentasunaren izenean. Azaldu iezadazu, baina, lerroak ez ezik bideak behin eta berriz bihurgunean sartu eta ateratzeko biderik ikusten ez dugunean nola idatzi lerro zuzenak.Ez da gure errua politta, horrelakoa da bizitza, eta ez gaude ez heziak eta ez haziak horrelako bideetarako. Hedonismoaz hitz egin zenidan zuk; arrazoi zenuen...

Aurrekoari oratuz jarraitu nahi izaten dugu sarri, aurrerantzean zer oratu izango ez dugulakoan, berritasunaren aurrean ikara sentituz. Bide berriak pausoz pauso sortzen ere ez digute irakatsi, baina, bada garaia guk ere gure kabuz ikasteko, orain arte ikasi eza gainontzekoen erru gisa etiketatu beharrean.

Baiezko borobilean sinesten pasa ditut asteak, eta ez dut arrazoirik kontrakoan sinesten hasteko. Baliteke nire burua autokonbentzitzen pasatu izana gaur arteko egunak.

Esku luzatze bat da hau, denok batera aurrera egingo dugula sinesten jarraitzeko, bihurguneak ageri diren bakoitzean elkarri oratzeko; tentuz, baina maitasunez.



2011-05-01

Muxu bat eskatu zenidan

Muxu bat eskatu zenidan eta beldur eszenikoa sartu zitzaidan segundo batez. Luzaroan nire barrena muxu horren bueltan dantzan ibili ostean aurrera egiteko lehen probaren atarian game over.  

- Joder, koldarraz gain baldarra naiz gero!
- Sentitzen duzun guztia egingo bazenu.... otro gallo cantaría.
- Baina, nork agindu du harresi hau eraikitzea?
- Txikitatik daroazu zurekin, ez duzu nabaritzen ala?
- Barruko bulkaden oztopo izaten dut sarri.
- Muxu emateko irrikaz zeunden, ezta?
- Beno, baliteke.
- Zergatik ez diozu aurre egiten?
- Zeri, baina?
- Duela segundu bat muturren aurrean eraiki duzun hormigoizko hormari.
- Ez al zen, bada, harriz egina?
- Eta ez al zeunden bere ezpainak ferekatzeko amorratzen?
- Nor, ni?
- Aita Santuak ez du ba horretaz ulertuko!
- Ados. Bai. Amorratzen, irrikitan...
- Eta, orduan, zergatik ez diozu aurre egiten lotsari?
- Lotsa izateak lotsa ematen didalako. Lotsa bider bi. Txinako Harresiaren pareko.
- Eta, ez balizu muxurik eskatuko?
- Ez egin horrelako galderarik.


Segi muxuak eskatzen, nire buruaz irri egiteko bada ere.

2011-04-24

Jarrai dezagun

Azkenaldian arreta gutxi eskaintzen dizudala diostazu. Ez zaizu arrazoirik falta. Denborak kondenatu nau, badakizu, ezin erloju gabe bizi, orratzen hotsa taupada gisa interpretatzen ikasi baitut. Ikasiaren eta inposatuaren arteko lausoa nigan dut jada, horrelakoa da bizitza.

Baina, nire agendan, behintzat, badira auskalomendiko auskalonoizko auskalozenbat hitzorduren artean kolorez margotuak ditudan egunak; honetaz oroitu zaitez arren, xuxurlatzen didate, eta eskerrak! Orratzek orduak, egunak pasarazi bai, baina ez dute taupadek ixilean gordetzen dituzten oroimen- kaxen konstantziarik eta.

Ziur nago, baina, zuk ere sentitu izan duzula inoiz ordulariaren norantzaren aurka mugitzen den orratz galdua. Eta galdua diotsut inposatu- ikasiaren aurka egiten duelako segundu bakoitzean. Gure bidea eraikitzen hastean horrelaxe sentiarazten baikaituzte, noraezean.

Eta agendetako egutegietan oroimena eraikitzen laguntzen diguten berdez margotutako egunak beharrezkoak izan arren, bizirik gaudela sentiarazten gaituzten orratz "galdu" hauek oroimenaren agendaren konplize izan daitezela. Agenda baino, gure bidea kolorez margotzen jarrai dezagun.

2011-04-15

Zure irribarreari

Zure irribarreari idazten diot gaur. Bai bai, zureari, halaxe hasiko baitzenuen egun cuenta atrasaren ostean, behin baino gehiagotan hautsitako hortzak zure eginaz.




Eta ez diot idazten zure irribarreari gaur soilik atera delako bere gordelekutik, ezta egun berezia delako gaurkoa. Idazten diot... zure burua sorgin gisa definitzean zuzen zabiltzalako, zure irribarreak nirea bere kobatik aterarazten duelako. Ez dakit zein sorginkeria erabiltzen duzun horretarako, baina zaude lasai, lehenago edo beranduago argituko dugu misterioa.

Eta idazten diot, baita, gaurko irrabarre bikoitz hau beti izan delako hitzetan geratu ez diren hitzen zale. Maite zaitudala sarritan esan ez arren ixilean edo lau haizetara halaxe sentitu baitut, urte luzez eta gaur, sekula baino gehiago.

Eta idazten diot, baita, irrabarreak arnas hartu dezan oinak lurretik altxatu behar direla erakutsi didazulako, sentitzen ez dugun zoruaren gainean ere gure oin arrastoak uzteko, zoru gogor perfektuegiak gure oinak minduko balitu legez. Oinentzat mesede izan arren, zapatentzat sandaliek eskeletuen antza dute... behin eta berriz.

Eta horrexegatik ere, behin eta berriz lainoetan oinak pausatu arren, lainoei irri egiten ikasi genuenean atera zelako eguzkia, ez lehenago. Eta atera zenetik bere baitan ematen dituzun birak bestelakoak direlako oso.

Eskerrak, zoriontzeak, muxuak eta laztanak gerorako utziko ditugu.

Jakin ezazu, soilik, honegatik guztiagatik eta beste mila arrazoigatik idazten diodala gaur zure irribarreari, inoiz itzaldu eta urtzen bada hemen izan dezan badenaren konstantzia.

Apirilak 15 ditu gaur, eta nire irri zabalenarekin zoriontzen zaitut, laztana.

2011-04-03

Eutsi...

Debekatu dizkigute beste behin egunsentiak, belarrira marmarrak, oihuak, Zea Mays-en abestien interpretazio guztiak, algarak, marujeo momentuak, ixo eeeee bakoitza, marrubizko izozkiak, bazkalosteko kafetxoak kopa eta guzti, ordu luzeetako filosofadak, mundu konpontze denak, eman besarkada bat mesedez bakoitza, begana bihurtzeko asmo faltsuak sagardotegi denboraldia salbuespen gisa hartuz, asmoetan geratu diren hitz emate guztiak, igande madarikatuak, muxuak, buruko minak, mozkortzen garen azken aldia izango denaren zin egite absurdoak, haserreak, haserretu osteko damuak, hitzak, zeinen polittak garen abesten genuen uneak, poltsan Doraemonek baino gauza gehiago izaten zenituen egunak, infusioak dastatu ondorengo agggg bakoitza, infusioak probatzeko obsesioa, idazten duzun guztia esango bazenu... esaten zenidan aldi bakoitza, arrazoi zenuela pentsatzen nuen aldi bakoitza, lotsa izateak lotsa ematen zigun momentuak, mingain ateratzeak, bizkar- jotze guztiak, egunon, arratsaldeon, gabon bakoitza, bihar arte guztiak, hanka sartu osteko negarrak, elkarren sorbaldan babestuta sentitzen ginen segunduak, minutuak, orduak.

Begirada debekatu digute ferekarekin batera debekuek ordenatzen duten sasi-mundu honetan.

Joan aurretik egongo ginela hitz eman nizun, eta nire burua zigortzen ari naiz ordu luzeetan hitz emana bete ezinagatik. Gutunazaletan metatu daitekeen maitasun guztia jasoko duzula hitz eman ez, zin egiten dizut; bueltatzen naizenean bai, idatzi dizudan guztia begietara begiratuz esango dizudalako, inoiz jaso dudan besarkada sentikorrenaren truke.


Ez diezadala inork galdetu zer dela eta jan nauten lagun banatuen sintomek. Bihar, agian, irabaziko diot irribarre bat inpotentziari. Batek daki, denok dugu triste izateko eskubidea.

Eutsi...