2011-04-24

Jarrai dezagun

Azkenaldian arreta gutxi eskaintzen dizudala diostazu. Ez zaizu arrazoirik falta. Denborak kondenatu nau, badakizu, ezin erloju gabe bizi, orratzen hotsa taupada gisa interpretatzen ikasi baitut. Ikasiaren eta inposatuaren arteko lausoa nigan dut jada, horrelakoa da bizitza.

Baina, nire agendan, behintzat, badira auskalomendiko auskalonoizko auskalozenbat hitzorduren artean kolorez margotuak ditudan egunak; honetaz oroitu zaitez arren, xuxurlatzen didate, eta eskerrak! Orratzek orduak, egunak pasarazi bai, baina ez dute taupadek ixilean gordetzen dituzten oroimen- kaxen konstantziarik eta.

Ziur nago, baina, zuk ere sentitu izan duzula inoiz ordulariaren norantzaren aurka mugitzen den orratz galdua. Eta galdua diotsut inposatu- ikasiaren aurka egiten duelako segundu bakoitzean. Gure bidea eraikitzen hastean horrelaxe sentiarazten baikaituzte, noraezean.

Eta agendetako egutegietan oroimena eraikitzen laguntzen diguten berdez margotutako egunak beharrezkoak izan arren, bizirik gaudela sentiarazten gaituzten orratz "galdu" hauek oroimenaren agendaren konplize izan daitezela. Agenda baino, gure bidea kolorez margotzen jarrai dezagun.

2 comentarios: