Debekatu dizkigute beste behin egunsentiak, belarrira marmarrak, oihuak, Zea Mays-en abestien interpretazio guztiak, algarak, marujeo momentuak, ixo eeeee bakoitza, marrubizko izozkiak, bazkalosteko kafetxoak kopa eta guzti, ordu luzeetako filosofadak, mundu konpontze denak, eman besarkada bat mesedez bakoitza, begana bihurtzeko asmo faltsuak sagardotegi denboraldia salbuespen gisa hartuz, asmoetan geratu diren hitz emate guztiak, igande madarikatuak, muxuak, buruko minak, mozkortzen garen azken aldia izango denaren zin egite absurdoak, haserreak, haserretu osteko damuak, hitzak, zeinen polittak garen abesten genuen uneak, poltsan Doraemonek baino gauza gehiago izaten zenituen egunak, infusioak dastatu ondorengo agggg bakoitza, infusioak probatzeko obsesioa, idazten duzun guztia esango bazenu... esaten zenidan aldi bakoitza, arrazoi zenuela pentsatzen nuen aldi bakoitza, lotsa izateak lotsa ematen zigun momentuak, mingain ateratzeak, bizkar- jotze guztiak, egunon, arratsaldeon, gabon bakoitza, bihar arte guztiak, hanka sartu osteko negarrak, elkarren sorbaldan babestuta sentitzen ginen segunduak, minutuak, orduak.
Begirada debekatu digute ferekarekin batera debekuek ordenatzen duten sasi-mundu honetan.
Joan aurretik egongo ginela hitz eman nizun, eta nire burua zigortzen ari naiz ordu luzeetan hitz emana bete ezinagatik. Gutunazaletan metatu daitekeen maitasun guztia jasoko duzula hitz eman ez, zin egiten dizut; bueltatzen naizenean bai, idatzi dizudan guztia begietara begiratuz esango dizudalako, inoiz jaso dudan besarkada sentikorrenaren truke.
Ez diezadala inork galdetu zer dela eta jan nauten lagun banatuen sintomek. Bihar, agian, irabaziko diot irribarre bat inpotentziari. Batek daki, denok dugu triste izateko eskubidea.
Eutsi...
Denok dugu triste izateko eskubidea
ResponderEliminarlaztantxo bat badaezpada...
ResponderEliminar