Lasai sentituko nintzake azken hilabetean idatzi eza sentitu ezaren seinale izango balitz; denok ditugu horrelako garaiak, ezer sentitzen ez dugun egunak, asteak, hilabeteak. Sentimendu gaindosia da, baina, oraingoan suertatu zaiguna, bat- batean, aurrez abisatu gabe, infraganti.
"Aitzitik, ez dugu edalontzi betearen sintomarik, ez dugu gainezka egiten. Mugen barruan sartzen ez zaiguna kanporatu beharrean inguruan biltzen saiatzen gara, edalontziak noizbait zirrikituren bat topatuko balu, hutsik gera ez gaitezen. Beldurren ondorioz sorturiko prebentzioaren sindromea da gurea", aitortu nizuen behin, gainezka egiteak hutsik sentitzeak baino presentzia handiagoa zuen garaian, edo horrekin amesten nuen garaian. Bestelako kontuek harrapatu naute azkenaldian, baina; zirrikitu larregi izan dira metaketa baterako. Sasi pentsalari xumearen hitzak besterik ez ziren, que ilusa.
Lerro okerrez idatzi duzu, bihurguneak gaitzetsiz nolabait, zuzentasunaren izenean. Azaldu iezadazu, baina, lerroak ez ezik bideak behin eta berriz bihurgunean sartu eta ateratzeko biderik ikusten ez dugunean nola idatzi lerro zuzenak.Ez da gure errua politta, horrelakoa da bizitza, eta ez gaude ez heziak eta ez haziak horrelako bideetarako. Hedonismoaz hitz egin zenidan zuk; arrazoi zenuen...
Aurrekoari oratuz jarraitu nahi izaten dugu sarri, aurrerantzean zer oratu izango ez dugulakoan, berritasunaren aurrean ikara sentituz. Bide berriak pausoz pauso sortzen ere ez digute irakatsi, baina, bada garaia guk ere gure kabuz ikasteko, orain arte ikasi eza gainontzekoen erru gisa etiketatu beharrean.
Baiezko borobilean sinesten pasa ditut asteak, eta ez dut arrazoirik kontrakoan sinesten hasteko. Baliteke nire burua autokonbentzitzen pasatu izana gaur arteko egunak.
Esku luzatze bat da hau, denok batera aurrera egingo dugula sinesten jarraitzeko, bihurguneak ageri diren bakoitzean elkarri oratzeko; tentuz, baina maitasunez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario