2011-05-26

Infraganti

Lasai sentituko nintzake azken hilabetean idatzi eza sentitu ezaren seinale izango balitz; denok ditugu horrelako garaiak, ezer sentitzen ez dugun egunak, asteak, hilabeteak. Sentimendu gaindosia da, baina, oraingoan suertatu zaiguna, bat- batean, aurrez abisatu gabe, infraganti.

"Aitzitik, ez dugu edalontzi betearen sintomarik, ez dugu gainezka egiten. Mugen barruan sartzen ez zaiguna kanporatu beharrean inguruan biltzen saiatzen gara, edalontziak noizbait zirrikituren bat topatuko balu, hutsik gera ez gaitezen. Beldurren ondorioz sorturiko prebentzioaren sindromea da gurea", aitortu nizuen behin, gainezka egiteak hutsik sentitzeak baino presentzia handiagoa zuen garaian, edo horrekin amesten nuen garaian. Bestelako kontuek harrapatu naute azkenaldian, baina; zirrikitu larregi izan dira metaketa baterako. Sasi pentsalari xumearen hitzak besterik ez ziren, que ilusa.

Lerro okerrez idatzi duzu, bihurguneak gaitzetsiz nolabait, zuzentasunaren izenean. Azaldu iezadazu, baina, lerroak ez ezik bideak behin eta berriz bihurgunean sartu eta ateratzeko biderik ikusten ez dugunean nola idatzi lerro zuzenak.Ez da gure errua politta, horrelakoa da bizitza, eta ez gaude ez heziak eta ez haziak horrelako bideetarako. Hedonismoaz hitz egin zenidan zuk; arrazoi zenuen...

Aurrekoari oratuz jarraitu nahi izaten dugu sarri, aurrerantzean zer oratu izango ez dugulakoan, berritasunaren aurrean ikara sentituz. Bide berriak pausoz pauso sortzen ere ez digute irakatsi, baina, bada garaia guk ere gure kabuz ikasteko, orain arte ikasi eza gainontzekoen erru gisa etiketatu beharrean.

Baiezko borobilean sinesten pasa ditut asteak, eta ez dut arrazoirik kontrakoan sinesten hasteko. Baliteke nire burua autokonbentzitzen pasatu izana gaur arteko egunak.

Esku luzatze bat da hau, denok batera aurrera egingo dugula sinesten jarraitzeko, bihurguneak ageri diren bakoitzean elkarri oratzeko; tentuz, baina maitasunez.



2011-05-01

Muxu bat eskatu zenidan

Muxu bat eskatu zenidan eta beldur eszenikoa sartu zitzaidan segundo batez. Luzaroan nire barrena muxu horren bueltan dantzan ibili ostean aurrera egiteko lehen probaren atarian game over.  

- Joder, koldarraz gain baldarra naiz gero!
- Sentitzen duzun guztia egingo bazenu.... otro gallo cantaría.
- Baina, nork agindu du harresi hau eraikitzea?
- Txikitatik daroazu zurekin, ez duzu nabaritzen ala?
- Barruko bulkaden oztopo izaten dut sarri.
- Muxu emateko irrikaz zeunden, ezta?
- Beno, baliteke.
- Zergatik ez diozu aurre egiten?
- Zeri, baina?
- Duela segundu bat muturren aurrean eraiki duzun hormigoizko hormari.
- Ez al zen, bada, harriz egina?
- Eta ez al zeunden bere ezpainak ferekatzeko amorratzen?
- Nor, ni?
- Aita Santuak ez du ba horretaz ulertuko!
- Ados. Bai. Amorratzen, irrikitan...
- Eta, orduan, zergatik ez diozu aurre egiten lotsari?
- Lotsa izateak lotsa ematen didalako. Lotsa bider bi. Txinako Harresiaren pareko.
- Eta, ez balizu muxurik eskatuko?
- Ez egin horrelako galderarik.


Segi muxuak eskatzen, nire buruaz irri egiteko bada ere.